Tektonika, sedimentazio eta fluido–ihesak Euskokantauriar arroko Ipar Ertzeko erdi Kretazeoan. Euskokantauriar Arroaren Kretazeo ertaineko (orain dela 125–100 milioi urte) bilakaera Bizkaiko Golkoaren irekitze–prozesuaren ondorioa da. Garai hartan metaturiko sedimentuek erregistratu zituzten arroan izandako prozesuak eta kontrol nagusiak, besteen artean tektonika, sedimentazioa eta fluidoen ihesak. Arroaren iparreko ertzean hiru prozesu hauen arteko erlazioa oso nabaria da, eta erlazio honen azterketa da, hain zuzen ere, ikerketa–lerro honen xede nagusia. Erregistro estratigrafikoaren (arroken) azterketaren bitartez interpretatu dira prozesu bakoitzaren ezaugarriak eta aldakortasuna (espazioan eta denboran) eta horien arteko harremana. Orain arte eginiko azterketen arabera, tektonika da sedimentazioa eta fluido–ihesak kontrolatzen dituen prozesu nagusia. Ikerketa–lerro honetan aurrera eramaten diren arloz–arloko azterketa eta erabilitako metologia nagusiak ondoren zehazten dira. Egitura tektoniko sinsedimentario ugari ageri dira ikerketa–eremuan, failak zein tolesak. Hauek ezaugarritzeko erabili diren metodologia nagusiak ondorengoak dira: kartografia, analisi estrukturala, eta metakin sintektonikoen datazioa eta fazie–analisia. Metodo hauen bitartez jakin ahal izan da, besteak beste, egitura bakoitzaren adina, jarduera nolakoa izan zen, esfortzu tektoniko nagusien norabideak, eta eragin zuen deformazioaren ratioak. Erdi Kretazeoko erregistro estratigrafikoa osatzen duten arroken azterketaren bitartez, ipar ertzeko unez–unezko paleogeografia ezagutzea dugu helburu, hots, garai hartako ingurune sedimentarioen ezaugarriak eta beren banaketa espaziala zehaztea. Xede hau lortzearren erabili ditugun metodo eta teknika nagusiak ondokoak dira: zutabe estratigrafikoen altxaketa eta korrelazioa, fazie–analisia, paleokorronteen neurketa, karbonatozko mikrofazieen analisia, unitate estratigrafikoen bereizketa eta dataketa (fosilak), eta arkitektura deposizionalaren zehaztea. Itsaspeko sedimentuen baitatik fluidoek ihes egin zuten Kretazeo ertaineko zenbait alditan, garaiko itsas hondo anoxikoan iturriak sortu zirelarik. Iturriei zerien fluidoak hidrokarburotan (metano eta petrolio) aberatsak zirenez mikroorganismo kimiosintetikoek hidrokarburoen oxidazio anaerobikoa eragin zuten sulfatoaren erredukzioaren bitartez, eta honen ondorioz karbonato autigenikoak hauspeatu ziren bertan. Karbonato hauei lotuta fauna kimiosinbiotikoen fosilak (bibalbioak batez ere) agertu dira. Karbonato autigenikoen azterketa multidisziplinarraren bitartez interpretatu ahal izan da ihes egindako fluidoen eta fluxuen ezaugarriak zeintzuk ziren, hala nola fluidoen tenperatura, hidrokarburo–aberastasuna, hidrokarburo motak (metano edo petrolio), hidrokarburoen jatorria eta fluxuen intentsitatea. Aipatu fluxu eta fluidoen ezaugarriak zehazteko zenbait analisi mota egin ditugu karbonato autigenikoetan, esate baterako analisi paleontologikoak, petrologikoak, geokimiko inorganikoak (karbono eta oxigeno isotopo egonkorrak) eta geokimiko organikoak (karbono isotopo egonkorrak).