Sargori / Pello Lizarralde / Erein, 1994 Gure sentimenak biziarazten dituzten pasadizoak Mikel Asurmendi / Irunero, 2003-01 Durangoko Azokaren karietara argia ikusi duten liburuei lekua hartu zien Sargori izeneko liburu honek nire mesanotxean. Paradoxikoki, abenduko gau sargoritsuetan, irakurriaren sargoria sentitzen nuelarik. Egilea, Pello Lizarralde, ez da ezezaguna gurean, Larrepetit bere azken eleberria hizpide izan baikenuen iazko urria sargoritsuan. Apika, dagoeneko, batek baino gehiagok pentsatu du ea zertara datorren aspaldiko liburu honen iruzkina orain. Noiz eta sasoi honetan, hamaika liburu berri komentatzeko direnean. Euskal literatur plazara atera den azken liburu sorta hostokatzen aritu bitartean Sargori delako honek asebete du nire irakur nahia ordea. Badugu liburu honen egileak eta biok gauza bat komunean, biok ala biok Zumarraga herriarekin zerikusia izatea, alegia. Horrek eta nire ogibidearen betebeharrak autorea Larrepetit-en karietara solastatzea posible egin zidaten. Bere azken eleberria ezagutu nuen eta Sargori liburua ezagutzeko parada eskaini ere. Eta aitortu beharra daukat, euskal literaturaren harribitxi hauek orain gutxi arte ezagutu ez izanak amiñi bat lotsarazi nau. Pello Lizarralde literaturaren karietara garatzen ari den merkatu eta asmo handietatik urrun ari da, literatura ulertzeko duen moldea ez dator bat euskal literaturak —edota edozein merkatuko literaturak— exijitzen duen moldeekin. Alegia, merkatua eta zurrunbiloa hitz kidekoak dira eta Lizarraldek ez du literatur eginkizuna kidetasun horren arabera ulertzen. Eta hori horrela ulertuagatik-edo —nire ustea besterik ez da, eta usteak betiere erdi ustelak izaten dira— idazle honek burutzen duen literaturak isiltasunarekin zerikusia gehiago dauka harrabotsarekin baino. Gure bizitzaren pasadizo edo bizipen xumeena literatur bilakatzen du Lizarraldek. Pasadizoak ez dira jende berezienak, ez ideia bereziak dituzten jendearenak. Gutako edozeinek bizi ditugun gauzak narratzen ditu autore honek. Hots, gure begiek eta gogoetek komunzki hautematen dituzten gertakariak besterik ez ditu narratzen. Besterik? Izanik ere, autore honek narratzen dituen gertakari hauen bidez gure sentimenak biziaraztea erdiesten du. Gutxi ote? Oso autore gutxik erdiesten duen moldean erdietsi ere.