Jon Miranderen gutunak (1948 - 1972) / Jon Mirande / Susa, 1995 POSITIBOA Idazle ez emankor baten fruitu emankorra Ritxi Lizartza / Argia, 1997-02-09 Euskal literaturan ugari dira lan gutxi (askotan bakarra) argitaratu eta ospe handia lortu duten idazleak. Frankotiradoreak. Lan horrek lortutako oihartzuna, ordea, idazle emankor askok bizitza osoan lortzen dutena baino handiagoa izan da. Jon Mirande zuberotarrak, lan bateko egilea ez bada ere, literatur mailan emankorregia ez izan arren, genioei gorderiko txoko horietako bat lortu du bere eleberri lahurra, ipuin bilduma, poesiak eta kazetari-lanei esker. Bada, ordea, mirandezale gehienoi orain arte ukatu egin zaigun idazle honen informazio ugariena ematen duen sorkuntza lanik, bere gutunak, alegia, batez ere Txomin Peillen, Andima Ibinagabeitia eta Jon Etxaiderekin. Luxuzko edizioan aurkeztuak, informazio osagarri ugari ematen du ediziogileak: Mirandez argitaratu diren lan gehienak, bere liburuen edizioak, gutunen aurkibidea hartzailearen arabera sailkatuak… Bere literatur lanak genio handi eta polemiko baten uzta utzi digu, baina gutunek, Mirandek horren gustuko zuen ohituraren —harremanak idatziz izatea, Peillenen berak aipatzen digun telefonoa erabiltzeko zailtasunak medio— ondorio zuzena, pertsona horren inguruko bizitza eta sentimenduak erakusten dizkigu, bere gordinkerian. Era berean, eskutitzen bidez, hainbat poema eta eginiko beste lanen aipamena ere egiten digu Mirandek. Patri Urkizuk dioenez, 350 gutun bildu zituen arren, 275 baizik ez ditu hautatu. Erabakiarekin erahat ados ez nago, baina nahikoa informazio biltzen da Mirandek Euskal Herriaz eta inguruko gizarteaz bizi zuen maitasun eta gorroto harremana argi azaltzeko. Aukera ederra da irakurlearentzat, Mirandek gaztetik hasi eta ia hil arte eutsi zion ohitura horri esker, modu kronologikoan emana gainera. Froga bat egin liteke, herrien izena eta batez ere bere izena zein hizkuntzatan idazten duen begiratzea, une horretan bere herriarekiko sentimenduak eta harremanak nolakoak diren jakiteko. Pena bakarra, agian, alerik ez ematea eskuz idatzita izan zen moduan.