Lege-testu itzulietako euskal terminologiaren hustuketarako metodologia. Alor zehatz bateko corpus osoan erabili den euskarazko terminologia juridikoa lokalizatu eta aztertzeko metodologiaren berri eman nahi dugu komunikazio honetan. Terminologiaren ohiko metodologiaz at, hiru oinetan finkatu dugu gure lana: baliabide informatikoak, corpus-linguistika eta traduktologia. Legeriak -legea dagoenez zuzenbidearen hastapenean- zuzenbideko terminologia osoan duen garrantzian oinarrituz, Eusko Legebiltzarreko legegintza-produkzio osoa hartu dugu aztergai. Legeen euskal bertsioak gaztelaniazko jatorrizko testuen itzulpenak direnez, erdal testuez baliatu gara, gaztelaniazko terminologia juridikoa aski finkatua eta bildua dagoelakoan, euskal terminoak bilatzeko. Bi hizkuntzetako testu guztiak euskarri informatikoan eskuratu ondoren, bi bertsioen alderatzeari, eta paralelizatzeari ekin diogu, eduki bereko testu-zatiak zenbaki bereko paragrafoan ager daitezen bietan. Ondoren aplikazio berezi baten bidez, aldez aurretik prestaturiko gaztelaniazko zerrenda bateko termino garrantzitsuenen agerpenak, bere testuinguru-paragrafo osoarekin, eta zenbaki bereko euskal bertsioko paragrafoarekin, lortu ditugu. Ondoren, euskarazko paragrafoetan, erdal terminoaren eduki baliokidea daraman segmentua lokalizatu dugu, eta guztia, datu-base erlazional batera eraman. Honela, jakin ahal izan dugu zein diren agertzen eta agertzen ez diren terminoak, zuzenbideko zein alorretakoak diren, zenbaterainoko finkapen-maila aurkitzen den euskal termino horietan, zein den gaztelaniazko terminoen euskal segmentu baliokideen egitura sintaktikoa, eta oraindik burutu gabe dagoen azterketa lexikologiko baten bidez, termino horien zenbait alderdi lexikogenetiko aztertzeko parada dugu.