Pendrive / Arrate Mardaras / Susa, 2013 Aldamioa eta etxola Alex Gurrutxaga / Berria,2013-12-29 Arrate Mardarasek bere lehen liburua argitaratu du berriki, Pendrive, eta apustu ausarta egin du bertan. Ausarta, diot, bi arrazoirengatik. Batetik, idazleak goi-literaturaren jokalekua hautatu duelako --liburuaren erlazio estratestualak eta baliatutako errekurtso andana lekuko--. Bestetik, borgestarretik asko duen jokoa delako liburuan dagoena eta, egun, Jorge Luis Borgesen literaturaren oihartzuna duen ezer saiatzea ausarta delako. Zertan da joko borgestarra? Liburuaren oinarrian izkribu aurkituaren jokoa dago ; lehen atalean narratzailea editore gisa aurkezten zaigu. Ez da gauza berria, egia, baina kasu honetan pendrive bat da narratzaileak topatu duena, eta esaten zaigu liburuko testuak pendrive horretakoak direla --epilogo bat ere egiten du, oso borgestarra hau ere--. Joko honek inplikazio nagusi bat du : ilusioaren haustura. Alegia, irakurleak etengabe du gogoan aurrean duena ipuina dela, constructum-a, fikzioa. Horrez gain, badaude ilusioa are gehiago hausten duten matizak. Hala nola, Demagun-eko irakurle inplizitua, Nola zuen izena? ipuinaren hasierako "zirriborroa" --azken bertsioaren aurre-testu gisa aurkezten dena--, edo ipuin batzuen amaieran dauden oharrak ( Okelaerrea eta Ihesi dabilenak ). Hau guztia joko interesgarri eta zaila da baina, akaso, ahul xamar gauzatua. Aipaturiko "zirriborroak" deus gutxi eskaintzen dio ipuinari --koordenada metaliterarioaz gain--, eta oharrak, filologikoak eta ez literarioak, ez dira literatura irakurleak maite dituen gauza. Ipuinetako gai nagusiak maitasuna, maitasunerako zailtasunak eta ihesa --fisikoa eta norbere baitakoa-- dira. Kontakizunak euskal herriaren historiaren une desberdinetan gertatzen dira, eta horrek batasun moduko bat sortzen du tonuari dagokionez. Gainera, dokumentazio lan handia dago. Hala ere, badago zalantzan jar daitekeen zerbait : dokumentazioak eta lan historikoak literaturaren mesedetan egon behar dute eta, hemen, tarteka literatura ezkutatu egiten da datuen atzean. Adibidez, Nola zuen izena? ipuinean Frantziako Tourra Donostiara iritsi zela aipatzen da ; kontu interesgarria, baina esangura gutxikoa ipuinaren baitan. Aldiz, ipuinek dotore egiten dute aurrera narrazioa biluziagoa, istorioan bertan zentratuagoa denean. Badaude liburua gurutzatzen duten lerro interesgarriak. Gai konstante batzuez gain, han eta hemen agertzen diren pendrive-ena litzateke horietako bat. Beste bat Sindaren istorioa da, ingelesez short story cycle deitzen dutenaren antzeko zerbait ; ildo konstante bat markatzen du, liburua hasi eta buka, hainbat ataletan agertzen baitira pertsonaia honi loturiko aferak. Oro har, Pendrive-n errekurtso asko ikusten da, batasunaren zainketa eta aniztasun izugarria forma eta tonuetan, lanketa handia gai historikoetan, eta "egilearen intentzioa" usna liteke. Erreferentzia testualak ere ez dira makalak : Borgesen eta Cortazarren airea, Sarrionandiaren Ginebra paregabeari omenaldia,e.a. Dokumentazio lana, esan bezala, nabarmena da, eta baliabideen erabileran idazleak duen ahalmena eta egindako lana bereziki azpimarratzekoak dira. Baina, horiek horrela izanik ere, emaitza zalantzagarria da. Izan ere, literaturan, baliabide orok medio izan behar du, eta irakurleak ikusi behar du errekurtsoak literaturaren mesedetan daudela --baita metaliteraturaz ari garenean ere--. Hemen, ordea, medioak emaitza estaltzen du maiz : literaturaren mekanismoekin egindako jokoek ipuinetan dauden istorioak indartu beharrean, higatu egiten dituzte. Aldamioa oso nabarmena da, idazle askok beretzat nahi lukeen ahalmenez jasoa. Haatik, hartatik sortzen den literatura ez da hain ikusgarria.